XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hots, komunitatearen dinamika sozialaren eta produkzio sistemaren fruitu diren ezarritako erlazio horien espresabide bezala ulertzen dugu, hain prezeski, gaurregun, komunitatearen osasuna.

Gaitzen sorreran faktore sozialek duten inportantzia hori onartzea, errealitatetik arras urrun aurkitzen dela oraindik esan behar.

Osasun galerak desoreka sozialak diren eta, beraz, komunitatearen barruan gertatzen direna nahiz eta horretan ingurugiroaren zenbait eragilek ere parte hartu, ez da hain erraz eta absolutuki onartzen oraindik.

Urratsik franko eman beharko da oraindik ere zera bere ondorio guztiekin froga dadinerako: alegia, katea epidemiologiko klasikoen inguruan aurkitzen diren faktore ekonomiko, sozial eta politikoek osatzen dutela egiaz haren benetako euskarria.

Osasuna: eginkizun politiko

Historian zehar, bi osasun mota paralelo nabari ahal ditugu gure komunitateetan: herri medikuntza, petrikillo eta curanderoena (oraindik ere bizirik dirauena herri desarroilatuetan) eta medikuntza zientifikoa, ofiziala.

Bi medikuntza mota horiek bizirik badiraute, ez dago esan beharrik gizarteko indarren arteko jokoa ere ez dela bakarra: klase agintarien osasun sistema aurkitzen dugu, alde batetik, eta medikuntza zientifikoaren teknika eta ezagutza bereganatzeko hainbat pisu sozialik gabeko klaseena, bestetik.

Ezagupenen eta honen aplikapenen arteko paralelismo falta, produkzio sistemen desarroiloan aurkitu behar da, aginte klaseen komenentzien arabera antolatuak baitaude sistema horiek.

Aseguro Sozialaren anbulategietako mediku laguntzaren kalitate eskasak eta nekazal giroetakoak, hiri inguru eta nekazal komunitateetako saneamenduaren egoerak eta hirigintza aldrebesek, etab. ondo baino hobeto erakusten digute zenbait hobakuntzaren erdiespen soziala eta ezagupen horiek erabili ala ez erabiltzea, komunitate bakoitzeko dinamika sozialaren ondorioei zuzenki loturik aurkitzen direla.

Horrexegatik baiezta daiteke, bada, eredu politiko bakoitzak eta bidenabar, ekonomikoak berari ongi dagokiokeen osasun eredu berezia hartuko duela.

Gizarte kapitalistetan, eskulana ahalik eta azkarren berriro konpontzera zuzenduriko eredua aurkituko dugu eta, ondorioz, osasun ekintza, sendatzailea izango da nagusiki.